VIANAKO PRINTZEA ERAKUNDEKO ALDIZKARIAK ARGITALPENEI BURUZKO KODE ETIKOA ETA JARDUNBIDE EGOKIAK
Vianako Printzea Erakundeko aldizkariak (Príncipe de Viana, Fontes Lingvae Vasconvm, Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra eta Trabajos de Arqueología Navarra) argitalpen akademikoa dira, eta komunitate zientifikoarekin konpromiso serioa dute, argitaratutako artikuluen etika eta kalitatea bermatzeari eta haien edukia eta osotasuna babestu eta errespetatzeari dagokienez. Kode etiko honek Aldizkari zientifikoen editoreentzako jokabide eta jardunbide egokien kodea du oinarritzat, Argitalpenen Etika Batzordeak (Committee on Publications Ethics, COPE) ezarritakoa. Argitalpenean parte hartzen duten alderdi guztiek (egileek, zuzendariek eta Idazketa Kontseiluak eta Nafarroako Gobernuak, argitaratzen duen erakundea den heinean) dokumentu honetan jasotako printzipio guztiak onartu eta errespetatu behar dituzte. Kode etikoan jasotzen ez den gai oro COPEren kodearen arabera ebatziko da, eta kode osagarritzat hartuko da, arautzean.
1. ALDIZKARIAREN ZUZENDARIEN ETA IDAZKETA KONTSEILUAREN EGINBEHARRAK ETA ERANTZUKIZUNAK
Argitalpen erabakiak
Aldizkarira bidaltzen diren artikulu guztietan, berdinen arteko berrikuspena eginen da, eta artikuluak jorratutako gaian aditu diren bi pertsonak aztertuko dute gutxienez. Itsu bikoitzeko sistema erabiliko da: Idazketa Kontseiluak ebaluazioen inpartzialtasuna eta objektibotasuna bermatuko ditu, eta egoten ahal diren interes gatazkak saihestu. Aldizkariaren zuzendariek aztertu eta erabaki behar dute zer artikulu argitaratu. Hala, artikuluak onartu edo ukatuko dituzte, adituek egindako ebaluazio txostenen eta edukiak komunitate zientifikoarentzat duen garrantziaren arabera. Zuzendariek Idazketa Kontseiluari edo ebaluatzaileei aholkua eskatzen ahal diete, artikuluak onartu ala ukatu erabakitzeko.
Idazketa Kontseiluak egileei jakinaraziko die bere erabakia, behar bezala arrazoituz. Artikulua berrikusi behar bada, hobetzen ahal diren puntuak adieraziko dira. Egileek artikuluaren bertsio berri bat bidali beharko dute, ebaluazio txostenen eskakizunak eta iradokizunak betez. Artikulua onartzeko edo ukatzeko azken erabakia bertsio berria jaso ondoren hartuko da.
Inpartzialtasuna eta independentzia
Artikuluak ebaluatzeko prozesuak bermatzen du horien gainean hartzen diren erabakiak objektiboak eta bidezkoak direla. Izan ere, oinarritzat hartzen dira meritu akademikoak (garrantzia, originaltasuna, zorroztasuna eta azalpenen argitasuna) eta aldizkariaren hartzaile den komunitate zientifikoarentzat eta aldizkariaren argitalpen ildoarentzat duen garrantzia soilik. Ez da ezaugarri pertsonalen, orientazio politiko, sexual edo erlijiosoaren, jatorri geografiko edo etnikoaren edo egileen bestelako baldintza zehatzen araberako bereizkeriarik egiten.
Nafarroako Gobernuak ez du inolako eraginik artikulu bat argitaratzeko edo ez argitaratzeko erabakian, eta beste gobernuek edo aldizkariarekin zerikusirik ez duten erakundeek ere ez. Aldizkariaren zuzendariek dute argitalpenen edukien eta horiek argitaratzeko epeen gaineko aginpide osoa.
Konfidentzialtasuna
Ebaluaziorako jasotzen diren artikuluak isilpeko materialtzat hartuko dira, eta ez da hor jasotako informazioa ezagutzera emanen, ezta zuzendariez edo Idazketa Kontseiluaz bestelako hirugarrenekin eztabaidatuko ere, egileek baimena eman ezean.
Zuzendariek eta Idazketa Kontseiluak isilpean mantenduko dute argitaratu gabeko artikuluen informazioa eta ez dute beren ikerlanetarako edo mesederako erabiliko, egileek idatziz eta berariaz baimena eman ezean. Zuzendariek eta Idazketa Kontseiluko kideek ez dute artikulua ebaluatuko, interes gatazkak badituzte haien egileekin edo artikuluei lotutako enpresekin edo erakundeekin lehian edo lankidetzan aritzen direlako edo haiekin beste konexioren bat dutelako. Kasu horietan, interes gatazkarik ez duen Idazketa Kontseiluko beste kide batek berrikusiko du artikulua, eta hark hartuko ditu dagozkion erabakiak.
Lankidetza ikerlanetan
Zuzendariek eta Idazketa Kontseiluak, artikulua argitaratzen duen erakundearekin (Nafarroako Gobernua) batera, neurriak hartuko ditu, uste badu argitaratu den edo aldizkarira bidali den artikulu batean etikoak ez diren jardunbideak izan direla. Artikulu baten jokabidea etika gutxikoa izan dela esaten duten salaketa guztiak ikertu behar dira, nahiz eta zenbait urte igaro argitaratu zenetik. Aldizkariak Committee on Publication Ethics (COPE) batzordearen diagramei (flowcharts) jarraitzen die, jardunbide okerrak egon direla susmatzen duenean. Ikerlanean ondorioztatzen bada jokabide bidegabeak izan direla, honako neurri hauek hartuko dira, besteak beste: egileekin eta ikerlanak egiteko lantoki dituzten erakundeekin harremanetan jartzea, eta zuzentzeko edo atzera egiteko oharra argitaratzea aldizkarian.
2. EBALUATZAILEEN EGINBEHARRAK ETA ERANTZUKIZUNA
Argitalpen erabakietan laguntzea
Berdinen arteko berrikuspenak erabakitzen laguntzen die zuzendariei eta Idazketa Kontseiluari, eta artikuluak hobetzen laguntzen ahal du, egileekin izaten diren harremanei esker. Berdinen arteko berrikuspena funtsezkoa da komunikazio akademikoan eta metodo zientifikoan.
Puntualtasuna
Aditu bati artikulu bat berrikusteko gonbitea egiten zaionean, hark uste badu ez dagoela horretarako kualifikatuta edo badaki ezin izanen duela txostena garaiz bidali, Idazketa Kontseiluari jakinarazi beharko dio lehenbailehen, eta gonbiteari uko egin.
Konfidentzialtasuna
Jasotako original guztiak isilpeko dokumentuak dira eta era horretara tratatuko dira. Ez zaizkie hirugarrenei erakutsiko, zuzendariek baimendu ezean (ezohiko egoera zehatzetan baino ez du halakorik eginen). Konfidentzialtasuna mantentzeko beharra artikulua ebaluatzeari uko egin dioten ebaluatzaileei ere aplikatzen zaie.
Objektibotasuna
Ebaluazioek objektiboak izan behar dute, eta iruzkinak argitasunez eta modu arrazoituan azaldu behar dira, egileek artikulua hobetzeko erabili ahal izan ditzaten. Ez da egokia kritika pertsonalak egitea.
Iturriak aitortzea
Ebaluatzaileek egileek aipatu ez dituzten lan argitaratu adierazgarriak identifikatu behar dituzte. Aurreko argitalpenetan agertu diren edukien aipamenetan edo horietatik eratorritakoetan, dagokion aipua idatzi behar da. Halaber, ebaluatutako artikuluak antzekotasun edo kointzidentzia nabarmenak baditu ebaluatzaileek ezagutzen duten beste artikuluren batekin (argitaratua nahiz argitaratu gabea), jakinarazi behar dute hori.
Ebaluatzaileak interes gatazkarik badu egileekin edo artikuluekin lotutako enpresekin edo erakundeekin lehian edo lankidetzan aritzen delako edo haiekin bestelako konexioa duelako, aldizkariaren zuzendariei jakinaraziko die hori, eta ez du artikulua ebaluatuko.
Ebaluatzaileak ez du argitaratu gabeko artikuluen informazioa bere ikerlanetarako edo mesederako erabiliko, egileek idatziz eta berariaz baimena eman ezean. Eskakizun hori artikulua ebaluatzeari uko egin dioten ebaluatzaileei ere aplikatzen zaie.
3. EGILEEN EGINBEHARRAK ETA ERANTZUKIZUNA
Informazioaren estandarrak
Ikerlan originalen egileek zorroztasunez emanen dute egindako lanaren eta emaitzen berri, eta lanaren garrantzia objektibotasunez azaldu.
Berrikuspen artikuluek zehatzak, objektiboak eta osoak izan behar dute, eta, “iritzi” editorialaren kasuan, argi adierazi behar da iritzia dela. Iruzurrekoak edo nahita zehaztugabeak diren adierazpenak ez dira jokabide etikotzat hartzen eta onartezinak dira.
Datuak eskuratzea eta gordetzea
Haien ikerlanaren datu primarioak emateko eskatzen ahal zaie egileei originalarekin batera, berrikusteko asmoz, eta datuak publikoki erabilgarri jartzeko prest egon behar lukete, ahal bada. Nolanahi ere, egileek bermatu behar dute beste profesional adituek datuak eskura izanen dituztela arrazoizko epe batez, horiek argitaratu ondoren, baldin eta parte‐hartzaileen konfidentzialtasunak eta jabetza eskubideek datuak argitaratzea eragozten ez badu.
Originaltasuna eta plagioa
Egileek bermatuko dute artikuluak eta haiekin lotutako materialak originalak direla edo ez dutela egile eskubiderik urratzen. Beste pertsona batzuen lanak erabiliz gero, behar bezala aipatu behar dira. Egiletza partekatua bada, egileek justifikatu behar dute ukitutako egile guztiak erabat ados zeudela eta ez dela aurretiaz aurkeztu edo beste hedabide batean argitaratu.
Plagioa era askotakoa izaten ahal da: beste pertsona baten lana norberarena balitz bezala aurkeztea, zati nabarmenak kopiatzea edo parafraseatzea egilea aipatu gabe edo beste pertsona batzuen ikerketen emaitzak bereganatzea. Plagioa, edozein motakoa dela ere, ez da jokabide etikoa eta onartezina da. Artikulu batean antzematen bada plagioa egon dela edo iruzurrezko edukiak daudela, aldizkaritik ezabatuko da (argitaratu bada dagoeneko) edo ez da argitaratuko. Kasu horietan, aldizkariak lehenbailehen hartuko ditu neurriak.
Egileak jakinarazi behar du ea adimen artifizialak lagundutako tresna teknologikorik erabili duen, obrako testuak, irudiak edo itzulpenak sortzeko.
Halakorik erabili badu, dagokion atalean deskribatu behar du zein testu, irudi edo itzulpenetan erabili duen. Adimen artifiziala idazteko laguntza gisa erabili badu, esker onen atalean adierazi behar du. Datuak biltzeko eta/edo aztertzeko edo irudiak sortzeko erabili badu, metodoen atalean deskribatuko du erabilera hori.
Material batean adimen artifizialak lagundutako teknologiak erabili badira, egilea da arduraduna material horretan ere. Adimen artifiziala ez da aipatuko egileen edo egilekideen atalean.
Argitalpen/aurkezpen anizkoitza, bikoiztua, errepikatua edo aldi berekoa
Artikulu batek baino gehiagok funtsean ikerlan bera deskribatzen badute, ez dira argitalpen batean baino gehiagotan agertu behar. Hortaz, egileek ez dituzte jada argitaratu diren artikuluak bidali behar. Ez da etikoa original bat aldizkari batera baino gehiagotara aurkeztea, argitaratu dadin, eta jokabide onartezina da.
Iturriak aitortzea
Beste pertsonen lana behar bezala aitortu behar da. Egileek aipatu egin behar dituzte ebaluatu beharreko artikulua prestatzerakoan zer argitalpenek izan duten eragina. Pribatuan (elkarrizketetan, gutunerian, hirugarrenekin eztabaidatzean edo zerbitzu konfidentzialetan) lortutako informazioa ezin da erabili, iturriak idatziz baimendu ezean.
Egiletza
Aurkeztutako lana sortzean, diseinatzen, gauzatzean edo interpretatzean ekarpen nabarmena izan dutenak baino ez dira egile izanen. Ekarpen nabarmena egin duten pertsona guztiak egilekide gisa agertu behar dira. Proiektuaren alderdi zehatzetan parte hartu duten pertsonak laguntzailetzat aitortu behar dira. Testua bidaltzen duen pertsonak ziurtatu behar du egilekide guztiak izaera horrekin agertzen direla, eta ez dela egilekide ez den inor aipatzen. Gainera, egiaztatu behar da egilekide guztiek onartu dutela artikuluaren azken bertsioa, eta ados daudela argitaratzeko aurkeztearekin.
Hedapena eta interes gatazkak
Egile guztiek originalean adierazi behar dute artikuluaren emaitzetan edo interpretazioan eragiten ahal duen interes gatazkarik dagoen. Proiektua finantzatu duten iturri guztien berri eman behar da. Interes gatazkak dira, besteak beste: lan kontratuak, aholkularitzak, akzioak izatea, ordainsariak, adituen lekukotza ordainduak, patenteak, bekak eta bestelako finantza ekarpenak.
Funtsezko akatsak argitaratutako lanetan
Egile batek antzematen badu beraren lan argitaratu batek akats esanguratsua edo zehaztugabetasunen bat duela, lehenbailehen jakinarazi behar dio argitaratu zuen erakundeari edo aldizkariaren zuzendariei, eta akatsa zuzentzen edo artikulua kentzen lagundu behar die. Zuzendariek edo argitaratu duen erakundeak baldin badakite argitaratutako artikulu batek akats esanguratsua edo zehaztugabetasunen bat duela, egilearen betebeharra da artikulua kentzea, zuzentzea edo zuzendariei originala zehatza dela frogatzeko ebidentziak ematea, ahalik eta azkarren.
Berdinen arteko berrikuspena
Egileek berdinen arteko berrikuspenean parte hartu behar dute, eta erabateko laguntza eman. Hala, datu primarioak, azalpenak eta baimenak eskatzen dituztenean, lehenbailehen erantzunen dute. Artikulua berrikusi behar dela irizten bazaio, egileak sistematikoki erantzun behar die ebaluazioen iruzkinei, puntuz puntu, eta aldizkariari originala berriz bidali, esleitutako epearen barruan.
4. ARGITARATZEN DUEN ERAKUNDEAREN EGINBEHARRAK ETA ERANTZUKIZUNA Etikoak ez diren jokabideak kudeatzea
Jokabide bidegabea, iruzurrezko argitalpena edo plagioa egon dela uste edo frogatu denean, argitaratu duen erakundeak (Nafarroako Gobernuak), zuzendariekin batera lan eginez, egoera argitzeko eta dagokion artikulua zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu. Horrek honako hauek hartzen ditu barne: lehenbailehen hutsen zerrenda argitaratzea, azalpenak ematea edo, kasu larrienetan, artikulua kentzea. Artikuluetan jokabide bidegabea izan denean, argitaratzen duen erakundeak, Idazketa Kontseiluarekin batera, arrazoizko urratsak emanen ditu artikulu horiek argitaratzea saihesteko, eta ez du inolaz ere horrelako jokabiderik sustatuko edo onartuko.
Aldizkariaren edukia eskuratzea
Argitaratzen duen erakundeak hitzematen du ikerlan akademikoak etengabe eskuragai egonen direla eta gordeko direla, beste erakunde batzuekin elkarlanean. Orobat, berezko artxibo digitala izanen du, lan horiek eskuratzeko aukera bermatzeko.
5. BATZORDE ZIENTIFIKOAREN EGINBEHARRAK ETA ERANTZUKIZUNA
Fontes Linguae Vasconumeko Batzorde Zientifikoak Argitalpen Batzordearen organo aholku-emaile gisa jarduten du, eta nazioko zein nazioarteko komunitate akademikoko eta zientifikoko ordezkariek osatzen dute. Editoreari aurkeztutako hautagaietatik aukeratuko da, eta aldizkariaren Argitalpen Batzordeak berretsi beharko ditu. Kideen lotura ohorezkoa da soilik, eta ez du inolako lan- edo kontratu-loturarik sortzen argitaletxearekin.
Eginkizun hauek ditu, besteak beste:
- Argitalpen-politika eta kalitate-politika formulatzen laguntzea Argitalpen Batzordeari eta editoreari.
- Argitalpenaren promozioan eta haren atal bakoitzerako artikuluak eta egileak bilatzen aktiboki parte hartzea.
- Fontes Linguae Vasconum nazioko eta nazioarteko komunikabideetan heda dadila sustatzea.
- Argitalpen zientifikoko gai garrantzitsuak proposatzea aldizkariaren eskumeneko arloetan.
- Nazioarteko komunitate akademikoko kide esanguratsuak aldizkariaren zientzia-arloetako ebaluatzaile gisa iradokitzea.